Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea bihar itxiko da

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 27a, 14:30

Maratoi erdia iaz irteeratik abiatu zen unea. (Argazkia: Maxixatzen)

Datorren zapatuan, martxoak 30, jokatuko da XXVI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, aurten txapeldunen historiak biltzeko asmoz. Bihar, osteguna, gauerdian itxiko da izena emateko epea. Momentuz 1.022 lasterkarik eman dute izena. Antolatzaileek jakinarazi zuten 1.100 lagunek parte hartu ahal izango dutela.

Izen emate epea irekita

Martxoaren 28an itxiko da izen emate epea. Izena ematen duten federatuek 29 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek 32 euro. Lasterketa motzean irten nahi dutenentzako prezioa, berriz, 20 euro izango da. Izena Rock the Sport webgunean edota Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan, Azpeitiko Euskadi Sport dendan eta Donostiako Robers Kirolak dendan eman ahalko da. Antolakuntzak adierazi duenez, Interneteko kuotak eta dendetakoak berdinak izango dira.

Dortsalak kamisetarekin eta lasterketako zorroarekin batera banatuko dituzte lasterketaren egunean. Julio Urkixo etorbidean egingo dute banaketa, 12:00etatik 16:00etara bitartean. Izena ematean dortsala dendetan jasotzea aukeratu zutenek jaso ditzakete euren dortsalak. Aurten, gainera, buruko zinta zuri bat ere banatuko dute, Diego Garciaren «bereizgarri» bezala.

Azkoitiko Julio Urkixo etorbidetik abiatuko da Diego Garciaren omenezko lasterketa, zapatuan. XXVI. Azkoitia Azpeitia maratoi erdia —21 km— eta VII. lasterketa motza —8,1 km— egingo dituzte Azkoitia eta Azpeitia artean. Lasterketa motzean izena emandako parte hartzaileak izango dira irteerako lerrotik abiatzen lehenak. 300 lagunek eman dute izena momentuz, eta horiek 16:15ean abiatuko dira. 16:30ean abiatuko dira nazioarteko maratoi erdiko parte hartzaileak. 720 lasterkari baino gehiago lehiatuko dira 21 kilometroko lasterketan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide