Trini Fox taldeak Gaztea Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria irabazi du

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 26a, 11:36

Azkoitiko eta Azpeitiko gazteek osatutako Trini Fox taldea da Gaztea Maketa Lehiaketan entzuleen boto gehien eskuratu dituen taldea, eta GazteBizHitza Saria eta finalean parte hartzeko aukera irabazi ditu.

Gaztea irratiak antolatutako Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria eta apirilaren 5ean Bilboko Kafe Antzokian izango den finalerako txartela lortu ditu Azkoitiko eta Azpeitiko gazteek osatutako Trini Fox taldeak. Zurrunbiloa naiz abestiarekin, entzuleen boto gehien eskuratu dituen taldea da eta GazteBizHitza Sariak emandako 2.500 euro lortu ditu hirukoteak. Suharri Aranburu azkoitiarrak eta Iñaki Zubeldiak eta Gilen Aldalur azpeitiarrek osatzen dute Trini Fox taldea. Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa lantzen ditu Trini Fox taldeak.

Finaleko irabazleak epaimahaiaren 5.000 euro jasoko ditu eta horrez gain BBK Live jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera izango du. Kafe Antzokiaren sari berezia ere banatuko dute, 300 eurotan baloratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide