Kutxa Liga txapelketako azken bigarren jardunaldia jokatu dute joan den asteburuan azkoitiarrek, eta lehenak dira sailkapenean. Carlos Sánchezek galdu egin duen arren, partida irabaztea lortu dute Héctor Sánchezek, Aníbal Fernándezek eta Juan Carlos Valorrek. Jardunaldi bat jokatzeko gelditzen den arren, azkoitiarrak dira dagoeneko txapelketako irabazleak, 29 puntuarekin. Horrenbestez, preferente mailan jokatuko dute aurrerantzean.
Anaitasunako zuzendaritza batzordeak taldea zoriondu du, jardunaldi guztietan «dena eman» duelako eta jokalariek ere «ekarpen bikaina» egin dutelako, azken emaitza lortu ahal izateko. Taldearen 40 urteurrena izanda, «oso berezia da» aurten emaitza hau lortzea eta taldeak berriz maila gorenean jokatzea. Taldeko bazkide guztiak «oso harro» sentitzen direla azpimarratu du klubak.