Sun magoaren 'Liluraren laborategia' erakustaldia, zapatuan

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 12a, 15:00

Sun magoa. (Argazkia: Sun magoa)

Sun magoak 'Liluraren laborategia' ikuskizuna emango du datorren zapatuan, martxoak 16, Baztartxo Antzokian.

Disney Channel telebista kateko Club Houdini telesaileko Iñaki Ruiz de Galarreta mago arabarra Azkoitian izango da, datorren zapatuan. Azkoitiko Udalak antolatuta, erakustaldia eskainiko du Sun magoak Baztartxon, 18:00etatik aurrera. Joan den urteko abenduaren ere Azkoitian izan zen magoa. Ikuskizuna ikusteko sarrerak lau euro balio du, eta Baztartxoko leihatilan eskuratu beharko dira. Txarteldegia emanaldia hasi baino ordubete lehenago irekiko dute.

Espainiako Magia Saria lortutako magoa da Ruiz de Galarreta. Lebitazioetan eta ilusioetan da trebea arabarra. 13 urterekin hasi zen magiako lehen ikastaroetara joaten, eta 15 urterekin egin zuen debuta agertoki gainean. Harrezkero, mago ezagunekin jardun du ikasten.

Liluraren laborategia ikuskizuna

'Liluraren laborategia' familia guztiarentzako ikuskizun bat da, publikoa magiaren sekretuak ezagutzera gonbidatzen duena. Ordu bete inguruko iraupena duen emanaldian, Ladelai Magoaren trikimailuak prestatzen dituzten bi zientzialariren laborategian sartuko gara, «fantasia eta abenturaren munduan murgilduz». Lebitazioak, agerpenak, hipnosia... eta beste hainbat efektu magikoen bitartez, «ikusle handiak eta txikiak liluratuta» geldituko dira «modu jolasgarri eta interesgarri» batean gauza berriak ikasiz. Guzti honi zuzeneko musika eta ikuslegoaren parte-hartzea gehituz, «inork ez du sekula ahaztuko ikuskizun zorabiagarri hau», azaldu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide