Bihar, ostirala hasiko dira aurtengo Baztarrikaldeko festak. Ohi bezala, mus txapelketarekin hasiko dituzte jaiak, 22:30ean. Orion elkartean izango da txapelketa, eta hogei euro ordaindu beharko du bikote bakoitzak parte hartzeko. Bikote txapeldunak 300 euroko saria jasoko du, bigarrenak 200 eurokoa, 100 eurokoa hirugarrenak eta Isidro Erretegian bi lagunentzako afaria laugarren sailkatzen den bikoteak.
Zapatuan, herri kirol erakustaldia izango da Baztarrikalden. 18:00etan hasita, Plaza Berri Harri-Jasotze Saria eta aizkolarien erakustaldia jokatuko dituzte, Gurea pilotalekuan. 1981. urtetik plazara atera gabeko Plaza Berri harriarekin lehiatuko dira bederatzi harri-jasotzaile: Imanol Illarramendi 'Kortaberri', Jokin Eizmendi, Joseba Ostolaza, Beñat Telleria, Josu Urbieta, Sergio Mielgo, Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria eta Jexux Mari Iruretagoiena 'Izeta III.a'. Sei minutuko txanda bana egin beharko du bakoitzak. Harri-jasotzaileen ondoren, berriz, Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañagak kanaerdiko zortzi pago ebaki beharko dituzte.
Igandea izango da Baztarrikaldeko festetako azken eguna. 12:00etan hasita, Zelai Luze ganadutegiko pottokak eta zezenak izango dira haurrentzat. 18:00etan, bestalde, X. Joxe Astarbe Saria jokatuko dute Azkoitiko Txibilter eta Koatei baserrietako astoek eta Gointziar itziartarrak.