'Goenatxo III.a': «Lanak bere fruitua ekarri du»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 6a, 14:00

Jon Unanue 'Goenatxo III'. (Argazkiak: Ibon Errazu)

Jon Unanue Alberdi ‘Goenatxo III.a’-k bere ibilbideko lehen txapela jantzi zuen joan den zapatuan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Urrezko Harri-Jasotzaileen Txapelketako txapela irabazi zuen harri-jasotzaile azkoitiarrak, 175 kiloko errektangularrari eta 150 kiloko kubikoari 19 altxaldi emanda. Txapela jantzi ondoren harri-jasotzaile azkoitiarra elkarrizketatu du Maxixatzenek.

Nola joan zen zapatuko txapelketa? Aukerarik ikusten zenuen irabazteko?

Irabazteko aukerak ikusten nituen, baina nire burua estutu gabe joan nintzen, ez irabazteko aukera ere hor egoten baita. Ondo joan zen, eta gustura amaitu nuen.

Zerk eraman zaitu txapela lortzera?

Lehen egiten nuena baino lan gehiago ari naiz egiten azken urteetan. Entrenamendu gogorragoak egiten ditut, eta lanak bere fruitua ekarri du.

Non gordeko duzu txapela?

Etxeko sarrerako armairu gainean dut, beste garaikur guztiekin batera.

Nori eskainiko zenioke?

Nire inguruan laguntzen ibili diren eta lagundu izan didaten familiako kideei, lagunei eta kuadrillakoei.

Harri-jasotzaile azkoitiarra txapelarekin. (Argazkia: Ibon Errazu)

 

Zure boladarik onenean al zaude?

Aspaldi honetan ondo nabil, baina lanean segi eta denborarekin hobetzen jarraitu nahi dut.

Nolako entrenamenduak egin dituzu azkenaldian?

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketarako entrenamendu gogorrak eginez ibili naiz, eta Urrezko Harri-JasotzaileTxapelketarako antzeko saioak egin ditugu.

Aurrerantzean zein txapelketetan parte hartzeko asmoa duzu?

Harri Handien Txapelketan irteteko asmoa dut, baina aurretik nire marka pertsonalen bat hobetzen saiatu nahi dut. Beste txapelketaren batean edo bestean ere lehiatuko naiz.

Amets bat?

Lanean jarraitu nahi dut eta denborarekin Harri Handien txapela irabazi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide