Zozketan parte hartzeko honako galdera hau asmatu beharko da: Nor da obraren zuzendaria?
Bidali erantzuna maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera martxoaren 7a baino lehen. Asmatzaileon artean zozketa egingo dugu, eta ostiralean jakinaraziko dugu Webarruen bi irabazleak zein izan diren.
Antzezlana Baztartxo antzokian izango da, zapatuan, 19:30ean hasita.
Segurako Herri Antzerkia Taldea
Primo de Riveraren diktadura egon zeneko garaietatik Gerra Zibillaren hasierara eramaten gaitu (1923-1937) ‘Iragana, Lahar eta Larrosa’ antzerkiak. Gipuzkoako Goierriko herri batean dago kokatuta eta orduko bi familien bizimodua azaltzen da.
Orduko egoera ezagutzeaz gain, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Euskal Herriko udalerri askotan Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatu egin zirela jakinaraztea da helburua. Behetik goraka sortu zen mugimendu indartsu hura (udal batzuen eraginez abaituta) gaur egunerako ere adibide argi bat izan daitekeela azaldu nahi da antzezpenaren bidez, jende xehearen nahietatik abiatuz, indarrak bilduz, desberdinen arteko partaidetza bultzatuz, Euskal Herria gauzatzeko bidean pausoak emateko.
Antzerkia 2014ko abenduaren 13an estreinatu zen Segurako frontoian, arrakasta handiarekin, eta gero Goierriko herri gehienetan eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian antzeztu zen.