Ijitoen ezkontzak, zirkua, umeen desfilea, txinatarrak, egutegiz jantzitako lagunak... Era askotako mozorroak jantzita atera dira azkoitiarrak kalera. Inauterietako egun nagusia ospatzen ari dira arratsaldeaz geroztik, eta festak goizaldeko ordu txikietara arte jarraituko du. 19:15etik 20:30era bitartean plazatik pasatu behar izan dute mozorro lehiaketan izena emandakoek, epaimahaiko kideak han ibili direlako taldeen zein norbanakoen mozorroak eta hartutako lanei balioa ematen. 00:00etan egingo dute sari banaketa, herriko plazan, eta orduan ezagutuko dira irabazleak. Lehiaketan parte hartu ez, baina deigarriak diren bestelako mozorroak ere jantzi dituzte azkoitiarrek, irudimen handia dutela erakutsiz.