Lidl zaharreko aparkalekua erabilgarri

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 1a, 09:52

Lidl zaharreko aparkalekua herritar guztientzat erabilgarri jarriko du Udalak. Beraz, doakoa eta publikoa izango da aurrerantzean, 75 ibilgailu hartuko dituen aparkalekua.

Bestalde, sarrera-irteerak erraztuko dira: «Orain arteko sarrera erabiliko da sartzeko eta irteteko. Irteera berri bat eraikiko da Julio Urkixo alderantz, autoentzat eta oinezkoentzat», adierazi du Udalak. Brigadako langileak arduratuko dira irteera berria egiteaz, eta «datozen egunetan» hasiko direla jakinarazi dute.

«Lursaila egokitzea posible izan da supermerkatua tokialdatu delako», adierazi dute. Lur horien jabetza Azkoitia Lantzenena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Etorlur sozietate publikoarena da. Supermerkatu kateak alokairuan zituen instalazioak eta lursaila, eta alde bien arteko kontratua atzo, otsailak 28, amaitu zen. Eremua aparkaleku publiko gisa mantenduko da «Intsaustiko bizitegi-gunearen garapenak uzten duen arte».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide