Azkoitian jaioa (1932ko abuztuaren 24a) euskal politikagintzako pertsonairik ezagunenetakoa izan da Xabier Arzalluz Antia. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidentea izan zen 1980tik 1984ra eta 1987tik 2004ra. Politikari azkoitiarraren aldeko hileta-elizkizuna datorren larunbatean izango da Azkoitiko parrokian, 19:00etan. Bere hil kapera Bilboko ehorztetxean izango da bihar arte.
Azkoitiko jeltzaleek Arzalluzen abertzaletasuna nabarmendu dute. Arzalluzen ibilbideari eta balioei buruz galdetu diegu Nerea Zubizarretari, Asier Aranbarriri eta Arantxa Zubizarretari. «Maisua», «erreferentea» eta «abertzale handia» bezalako hitzak izan dituzte jeltzale azkoitiarrek Xabier Arzalluzentzat.
Maxixatzen Herri Aldizkariak 2001eko maiatzean plazaratu zuen Xabier Arzalluz buruzagi jeltzaleari egindako elkarrizketa. Sabin Etxeako bere bulegoan hartu zituen politikari azkoitiarrak Irene Elorza eta Idoia Alberdi kazetariak. Solasaldi hartatik hainbat pasarte ekarri ditugu gogora.