Inauteriak 2019

Txikienen kalejirarekin iritsiko dira inauteriak Azkoitira

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 11:33

Duela bi urteko kalejira. (Argazkia: Maxixatzen)

Martxoaren lehen egunarekin batera iritsiko dira inauteriak Azkoitira. Herriko ikastetxeetako neska-mutilak, musikak lagunduta, eskua emanda sartuko dira Floreaga aldetik herriko kaleetara. Iaz euria egin zuen ostiral mehe egunez, eta ondorioz, ikasleek ikastetxeetan ospatu zituzten inauteriak. Aurten iragarpenak kontrakoa dio, eta azken uneko ezusterik ezean haurrek kalejira egingo dute.

Bihar 16:00etan hasiko da umeen kalejira. Floreagatik sartuko dira ikasleak Aizkibel kalera, eta handik eliz atarirako bidea hartuko dute. Jarraian, Plaza Berria eta Balda plaza zeharkatuta, Santa Klara kalerako joango dira kalejiran. Umeen danborradak egiten duen ibilbide bera izango du ondoren kalejirak. Zubira iritsitakoan, eskuin aldera joango dira neska-mutilak, Trino Uria aldera. Gero, errepidearen aurkako noranzkoan, Bizkargi kaletik egingo dute pasadizoa Eroski Txiki aurrera atera arte. Segidan, Balda plazara abiatuko dira, eta berriz Plaza Berritik pasata herriko plaza nagusian amaituko dute ibilbidea.

Musika iluntzera arte

17:00ak inguruan iritsiko da kalejira herriko plazara, eta bertan Udalak opila eta txokolatea eskainiko dizkie kalejiran ateratako ikasleei. Ordu berean hasiko da Oihan Vega DJaren dantzaldia ere. Iluntzera arte girotuko du plaza Oihan Vegak. 21:30etik 23:30era, berriz, gaztetxoen mozorro lehiaketa egingo dute, Elkargunean. 12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Udalak sariak banatuko dituela jakinarazi du. Festa girotzeko ardura DJ Xabi Fest-ek izango du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide