Anaitasunako talde nagusiak, sendo

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 27a, 15:00

Euskal Ligako neskek Hernaniri irabazita lortu dute mailari eustea. (Argazkia: Anaitasuna)

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak mailari eusteko helburua lortu du denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, eta Ohorezko Mailako mutilek euren esku dute berriz ere Espainiako Hirugarren Mailarako itzulera.

Anaitasuna futbol taldea une gozoetan da. Mutilen taldea Gipuzkoako Ohorezko Mailako liderra da, 54 punturekin; Nesken taldeak, berriz, Emakumezkoen Euskal Ligan jarraituko du datorren denboraldian. Joan den igandean, mailari eusteko beharrezkoak diren puntuak lortu zituzten Hernaniri irabazita.

Mutilek euren esku dute Hirugarren Mailara itzultzea. Duela bi denboraldi, Elgoibarren lortu zuten 'gorrixek' Espainiako Hirugarren Mailara igoera, baina puntu baten aldeagatik Gipuzkoako Mailara jaitsi ziren iaz. Aurten «maila ona» ari dira ematen Xabier Artetxeren mutilak, eta «itxura guztien arabera» Eibar izango du «aurkaririk gogorrena» igoera lortzeko. Anaitasunak baino puntu bat gutxiago du Eibarrek.

Hamaika jardunaldi falta dira mutilen denboraldia amaitzeko. Amaierara bitartean, bost neurketa jokatu beharko ditu Anaitasunak Txerloian, eta sei Azkoititik kanpo. Amaierako malda izango dute «gogorrena» 'gorrixek', azken hiru jardunaldietan «bi arerio zuzenenen aurka» jokatu beharko baitute etxetik kanpo. 32. jardunaldian, Tolosa —hirugarren sailkatua— izango dute aurkari, Tolosan. Azken jardunaldian, aldiz, Eibarren —bigarren sailkatua— aurka arituko dira azkoitiarrak, Eibarren. Posible da, beraz, txapelketa azken jardunaldian erabakitzea.

Neskak, helburua beteta

Neskek, bestalde, joan den urtean lortu zuten Emakumezkoen Euskal Ligara igotzea. 28 urteren ondoren, Euskal Ligarako igoera lortu zuten neskek; azkenekoz 1990ean jokatu zuen Anaitasunako nesken taldeak Euskadi mailako ligan. «Txapelketari neurria hartzea asko kostatu» zitzaien hasieran neskei. Bederatzi partida galdu zituzten lehen itzulian, baina bigarren itzulia «bikaina» izaten ari da. Denboraldiaren bigarren zatian jokatutako zazpi neurketetatik sei irabazi dituzte neskek, guztiak jarraian. Hemezortzi puntu horiei esker, mailari eustea ziurtatu dute.

30 punturekin sailkapenean erdialdean dira 'gorrixek'. Zortzi neurketa falta zaizkie aurtengo denboraldia amaitzeko. Sailkapeneko goiko taldeen aurka aritu beharko dute neskek azken asteetan, baina «konfiantzaz beteta» eta «ahalik eta puntu gehien batzeko asmoarekin» daude. Hiru neurketa jokatuko dituzte Azkoitian, eta bost etxetik kanpo.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide