Joan den asteburuan Galdakaon jokatu zen Euskal Herriko Txapelketan. Estilo libreko 4×100 metroko proban erreleboka lehiatu ziren azkoitiarrak, eta lehen postua lortu zuten. Orain eskura dute Espainiako Txapelketarako sailkapena; txapelketan lehiatu ahal izateko gutxieneko denbora bi segundo eskasera dute lau igerilari azkoitiarrek. Estilo libreko 4x200 metroko proban, aldiz, bigarren sailkatu zen laukotea.
Zortzi domina
Zubiaurre Igeri Elkarteak emaitza onak lortu zituen beste probetan ere. Joanes Txurrukak, esaterako, bizkar estiloko 100 metroko proban Espainiako Lehiaketara joateko txartela lortu zuen. Bizkar estiloko 200 metroko proban bigarren sailkatu zen, eta hirugarren amaitu zuen estilo libreko 100 metroko proban. Nerea Dominguezek ere lan txukuna egin zuen Galdakaon; libre estiloko 400 eta 800 metroko probetan hirugarren amaitu zuen. Enaitz Osak, berriz, hirugarren postua lortu zuen libre estiloko 50 metroko proban.