Zozketan parte hartzeko galdera hau asmatu beharko da: Zenbat abestik osatzen dute 'Zu al zara' diskoa?
Bidali erantzuna otsailaren 28a baino lehen maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora. Asmatzaileen artean zozketa egingo da, eta ostegunean jakinaraziko da Webarruen.
KANTARIAREN AKATSA
Oroitzen naiz noiz ezagutu nuen Joseba Irazoki bertatik bertara: 2011ko urriaren 7an izan zen. Hain zuzen ere, Tolosan, Bonberenea elkartean, han non hamaika ekitaldi mota antolatzen baitziren eta non Karlos Osinagak (Lisabö) bere ekoizle lanetarako egoitza baitzuen, eraikinaren goiko solairuko estudioan. Hilabete batzuk lehenago, lagun talde batek Fundación Robo izeneko plataforma digitala sortua genuen; haren bidez ezagutarazi nahi genuen garai hartan Espainiako estatuan sortzen ari zen musika mota baten xede soziala, eta Bonberenea leku ezin aproposagoa zen Woody Guthrieren “This Land Is Your Land” kanta mitikoaren gaztelaniazko egokitzapena grabatzeko (“Esta tierra es nuestra”), plataformaren helburuen adierazpen gisara aurkezteko. Roberto Herrerosek (musikaria, aktibista eta lagun handia) eta biok nolabait ere zeratu genuen kantaren bertsioa, eta gero hala Robertok berak nola Karlosek proposatu zuten Josebak parte hartzea grabazioan, banjoa jotzen. Nik ikusia nuen Atom Rhumbarekin, gitarra jotzaile, baina oroitzen naiz zer erran zidan orduan Robertok: “Joseba gai da inork baino hobeki jotzeko sokak dituen edozein gauza”.
Egun hartatik honat igaro den denboran, 7 urte pasa, Joseba Irazoki kide eta lagun izateko aukera eta suerte ikaragarria izan dut; ezagutu dut musikari honen handitasuna (Robertok arrazoia zuen) eta gainera deskubritu dut autore gisara zer-nolako lanak egiteko gai den. Alde horretatik, erranen nuke bere osotasunaren erakusgarria dela orain Lagunak taldearekin ekarri digun Zu al zara? (Bidehuts, 2018) diskoa. Bertan, taldearekin batera, Irazokik agerian uzten digu bere soinu unibertso joria, tarteka bortitzak izatera iristen diren instrumentu joaldi txundigarriak samurtasunaren eta amorruaren artean murgiltzen diren kantekin batuz, ahotsa modu dotore bezain durduzagarrian erabiliz; nolanahi ere, harrigarria. Baliteke Euskal Herrian izatea nolabaiteko triangelu soniko bat, zeinaren erpinetan Lisabö, Mursego eta Joseba Irazoki eta Lagunak dauden, eta haren aldeak izatea ozeano bat bere baitan biltzen duten mugalerroak, abanguardia musikala rock garaikidearekin eta folk tradizioarekin gurutzatzen den lekua; hori dena hartuz halako zentzu zabal batean, zeinari bakarrik antzeman dakioke artista hauen obretan murgilduz.
Zu al zara? honek badu, gainera, ezin ederragoa den alderdi liriko gordin bat, hitzen lerro bakoitzean eta kanta bakoitzean isurtzen dena. Ausartzen naiz erratera badela album osoaren gainean itzal egiten duen kontzeptu bat: musikariak lortu nahi lukeen askatasuna; langintza honetan ari garen guztiok grinaz bilatzen duguna nahitaez inperfektua izan behar duen askatasuna izanagatik. Baina horixe da gure askatasuna, musika maite dugun guztiona –egile nahiz entzule huts garelarik-, denok akastunak garela onartuz: mainguak, miopeak edo eroak. Mundu honetan, non “haiek ekoizten” baitute euren gaia eta “nik ematen” baitizut sortu dudana, non musika, kontsumitu beharrean, disfrutatu egiten baita; hemen, non ez baitugu elkarrekin lehiatzen, aski ongi dakigulako zenbat behar dugun elkar, batek bertzea. Horregatik da hain naturala beratar musikari honek libertarismoari kantatzea, Lucio Urtubiari keinu eginez, Durruti omenduz eta gogora ekarriz, poema paregabe batean, Pasaian orain dela 38 urte izan ziren hilketa gupidagabeak, zeinetan bizia kendu baitzieten komando autonomo antikapitalistetako lau gazteri, horren bidez aditzera emanez kantatzea eta musika jotzea goiari eustea eta askatasuna bilatzea dela. Musikan aditua den kazetari alferra banintz eta disko honi etiketa bat paratu beharko banio, rock psikolibertarioa dela erranen nuke.
Diskoko kanta batean, Josebak erraten du boterearen mezulari bihurtzea dela zigorra, eta normaltasuna ere zigorra dela. Saria da, ordea, kanta hauek goi-goian hegaka egiteko duten gaitasuna; saria da normala (zentzu txarrean) edo arrunta den deus ez duen disko bat egitea. Zu al zara? album zoragarri bat da. Inperfektutasunez zoragarria, unerik ederretan (bai eta gogorrenetan ere) gure bizitzak diren bezalaxe.
Nacho Vegas.