Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak batzar orokorra egin du

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 25a, 18:58

(Argazkiak: Plaza Ondo JUbilatuen Elkartea).

Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak ohiko batzar orokorra egin zuen joan den asteburuan. 85 bazkide inguru bertaratu ziren. Honako puntu hauek izan zituen hizpide elkarteko Zuzendaritza Batzordeak:

 

  • 2018ko batzar orokorreko akta onartzea.
  • 2018ko ekintzen berri ematea: bidaiak, 90 urtekoentzako omenaldia, karta jokoen txapelketa, Jubilatuen Astea, bingoa, ikastaroak...
  • 2018ko diru kontuen azterketa eta onartzea: sarrerak baino 11.138,28 euro gehiago gastatu dira, eta beraz, 1.687,52 euroko saldoa gelditu zen urte bukaeran.
  • 2019rako ekintza planaren berri ematea eta onartzea: 2019. urterako ekintza berdintsuek aurreikusten dira. Bidaien zerrenda ere azaldu zuten, baina urtea aurrera doan heinean aldaketaren bat egon daiteke.
  • 2019rako aurrekontuen azterketa eta onartzea: diru mugimenduetan, ahalegindu behar dute, sarrera eta irteera artean alde handirik ez izatea, gehienez 1.000 eurokoa.
  • 2019ko kuota onartzea: urteko kuota 7 eurotan mantentzea erabaki dute. Bulegoan ordaintzen dutenei eskatzen diete lehenbailehen ordaintzeko. Ordainketa egiterakoan, bere kontu korrontearen IBANa ematea gomendatzen da, aurrerantzean zuzenean banketxetik kobratu ahal izateko.
  • Galde-erantzunak: lehendakariak azaldu zuen tabernan bideo-kamerak jarri dituztela lapurretak saihesteko. Eta, baita ere, tabernako prezioak aurrerantzean bertako arduradunek Zuzendaritza Batzordearekin batera adostuko dituztela erabaki zuten.

Bestalde, Zuzendaritza Batzordea berritu dute bertako hiru kide aldatuz. Baja eman dute Jesus Mari Giralt, Juan Ramon Juaristi eta Mari Karmen Elorzak. Beraien ordezkoak Maria Pilar Arrizabalaga, Lourdes Sudupe eta Evaristo Fernandez dira.

Amaieran, urteroko ohiturari jarraituz, opariak zozkatu zituzten batzarrean parte hartu zuten guztien artean. Jakinarazi zuten, gainera, kontuei buruzko informazioa elkartearen bulegoan eska dezaketela bazkideek.

Batzarraren ondoren, elkarteko ordezkariek elkarrekin afaldu zuten.

Ikusi eguneko argazkiak:

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide