Leire Martin eta Maria Garate azkoitiarrek promozio mailako partidak jokatu zituzten atzo, otsailak 24, Orozkon. Gentzane Aldaik eta Izaskun Martinek osatutako bikotea eta Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe izan zituzten aurkari azkoitiarrek. Lehen bikotearen aurka 18 eta 4 galdu zuten, eta emaitza berdinarekin irabazi zuten bigarren partida, Ainara Navarrok eta Alaitz Artetxek osatutako bikotearen aurka. Horrenbestez, txapelketatik kanpo gelditu dira Martin eta Garate.
Aurreko kanporaketan, Eneritz Garate aritu zen Maria Garateren lekuan. Galdakaoko Elexalde pilotalekuan jokatu zuten txapelketako lehen kanporaketa fasea. Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrak izan zituzten aurkari lehen partidan, eta 18-6 irabazi zuten azkoitiarrek. Bigarren partidan, berriz, Ainara Berasaluze eta Izarne Elezkano bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta 18-2 nagusitu ziren Leire Martin eta Eneritz Garate.