Kursaal Eskura proiektuarekin bat eginez, doako autobusak egongo dira Azkoititik

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 21a, 12:21

Iker Goikoetxea Kursaal Fundazioko zuzendaria, Javier Zubizarreta alkatea, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia.

Donostiako Kursaal Fundazioak antolatzen dituen kontzertuetara Gipuzkoako herriak gerturatzeko Kursaal Eskura egitasmoa jarri da martxan. Azkoititik aterako den autobusa antolatu dute, doan, kontzertu batzuetara joateko. Aurrenekoa martxoaren 7an izango da: Gustav Mahler Jugendorchester & Donostiako Orfeoia.

Kursaal Eskura da Kursaal Eszena eta Gipuzkoako udal ezberdinen elkarlanari esker sortu den egitasmoaren izena. Proiektu horrek, Kursaal Zentroak antolatzen dituen kontzertu eta ikuskizun ezberdinak interesa duten lagunen eskura jartzea du helburu, eta hori lortzeko, doako autobus zerbitzua eskainiko du: Azkoititik aterako da autobusa, eta behin Kursaaleko kontzertua edo ikuskizuna amaitutakoan, berriz ere Azkoitira itzuliko da autobusa.

Kursaal Eskura proiektuaren bidez, Donostiara gerturatzeko lehen aukera martxoaren 7an izango da. Egun horretan Gustav Mahler Jugendorchesterek Mahleren '3. Sinfonia' eskainiko du, 20:00etan, Kursaal Auditorioan. Orkestra Claudio Abbadok sortu zuen 80. hamarkadaren bukaera, eta, egun, munduko gazteen orkestra nagusia da. Jaialdi eta kontzertu areto ospetsuenetan ohiko gonbidatua da. Mahlerren sinfoniak interpretatzeko duen modu argi eta indartsuagatik ezagun den Jonathan Nott-en zuzendaritzapean etorriko da orkestra Donostiara. Haiekin batera arituko dira Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txiki ere.

Kontzertu hori gozatu nahi izanez gero, pauso hauek jarraitu beharko dira:

-Kursaal Elkarguneko webgunearen bidez erosi beharko da kontzerturako sarrera 55, 44, 35, 28 eta 11 euroan.

-Behin sarrera erosita, autobuseko tokia erreserbatu beharko da: 943 857 170 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbidera mezua bidalita.

-Autobusa Azkoititik abiatuko da, eta Urola Erdiko lagunak jasotzeko, leku hauetan egingo du geldialdia:

Azkoitia: Julio Urkixo etorbideko geltokian, 18:30ean.

Azpeitia: Anbulatorio aurreko geltokian, 18:45ean.

Zestoa: GI-631 errepideko geltokian, 19:00etan.

Kursaal Eskura egitasmoak Urola Erdiko eskualderako atondu duen lehen hitzordurako izena emateko epea martxoaren 4an amaituko da.

Ordu Gaztea eta langabetuak

Langabetuek eta 30 urte baino gutxiago dutenek, ikuskizunetarako sarrerak 3 euroan erosi ahal izango dituzte. Horretarako sarrera (autobuseko tokia bezala) erreserbatzea ezinbestekoa izango da: 943 857 170 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbidera mezua bidalita.

Behin beharrezko erreserbak eginda, kontzertu edo ikuskizuneko egunean, Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko da eta bere adina (Ordu Gaztea) edo lan egoera (langabetuak) egiaztatu ondoren, sarrera ordaindu beharko da. Sarrera horien kokapena egun horretan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide