Xabier Munibe kaleko lanek trafiko aldaketak eragingo dituzte astelehenetik aurrera

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 7a, 15:36

Xabier Munibe kalea.

Astelehenean hasiko dira Xabier Munibe kaleko obrak, eta aldaketak eragingo ditu trafikoan. Kalea itxita egongo da kiroldegiko biribilgunetik —Gamundi etxearen albotik— Elkarguneko tuneleraino.

Obrak egingo dira bidegorria tokiz aldatzeko eta txirrindulariek Elkarguneko tuneletik ibili beharrik ez izateko. Bidegorri berria Gaztanenea parke aldeko espaloiarekiko paraleloki joango da, Elkarguneko tuneletik parrokia aurreko bidegurutzeraino doan tartean.

Bestalde, lanen bidez oinezkoek lehentasuna izango duten gune bat sortuko da, kiroldegiko, Gaztanenea parkeko edota herriguneko mugimenduak batuko dituena. Halaber, errepidearen eta espaloien arteko kotak berdinduko dira irisgarritasuna hobetzeko.

Lanek lau hilabeteko iraupena dute kontratuaren arabera, baina Udalak uste du "azkarrago" egingo direla eta "ahalik eta normaltasun handienarekin". Lanak egin ahal izateko nahitaezkoa dela dio Udalak trafikoan aldaketak egitea. Udalak aurrez eskerrak eman dizkie herritarrei "egoera ulertuko dutelakoan" eta pazientzia eskatu die.


Trafiko aldaketak

Parrokia aurreko biribilgunean, ibilgailuak Beidazar kalera bideratuko dira. Horretarako, norabidez aldatuko da kalea. Autoek Trenbidearen Zumardiatik jarraituko dute eta ezkerrerantz hartuko dute Geltoki taberna dagoen gunera heltzeko, Intsausti Jauregirantz ateratzeko.


Geltoki aldaketa

Obren ondorioz, Xabier Munibe kalean, liburutegi ondoan, dagoen geltokia tokiz aldatuko da. Lanek irauten duten bitartean, autobusek Geltoki taberna dagoen bidegurutzean egingo dute geldialdia. Gaur egungo geltokia aparkalekuentzat erabiliko da.


Guardia kalean norabide aldaketa

Guardia kalearen norabidea aldatuko da. Orain Guardia kaletik Ibai Ondo kalera sartzen dira ibilgailuak. Obrek irauten duten bitartean norabidea kontrakoa izango da. Alegia, Ibai Ondo kaletik Guardia kalera sartuko dira ibilgailuak eta Aizkibel liburutegira iritsi ahalko dira.


San Martinera sarrera-irteerak

San Martin auzora kiroldegi aurreko biribilgunetik, Beidazar kaletik edo beilatokia dagoen biribilgunetik sartu ahal izango da. Irteera, berriz, Trenbidearen Zumardiatik edo beilatokiko biribilgunetik ahalbidetuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide