Komedia eta kritika uztartuko ditu 'Rita' antzezlanak

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 31a, 12:35

Aitziber Garmendia, Sonia Vazquez eta Joseba Apaolaza.

Datorren zapatuan, otsailak 2, 19:30ean eskainiko dute 'Rita' antzezlana, Baztartxo Antzokian. Sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte saltzen, antzokiko leihatilan, zortzi euroan. Zapatuan eskainiko duten lanaren aurkezpena egiten izan dira Udalean gaur, osteguna, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza 'Rita' antzezlaneko aktoreak.

Joseba Apaolazak lana Baztartxora eramateko «pozik» eta «gogoz» daudela adierazi du. «Esku artean dugun komedia jendearentzako gustukoa izango da. Lortu dugu gustagarria izatea», hasi da Apaolaza. Willy Russellen jatorrizko bertsioan agertzen ziren hainbat erreferentzia literario «oso-oso arrotzak» eta «urrutikoak» egiten zitzaizkiela-eta, «gaurkotze lana» egin dutela jakinarazi du. Martin Agirrek egin du antzezlanaren itzulpena.

«Zaharkituta zegoen gai askotan, bereziki emakumearen inguruan», azaldu du Aitziber Garmendia aktoreak. Gaur egungo egoerara «zintzotasunez» gaurkotu dutela azaldu du Rita ile-apaintzailearen papera egingo duen Garmendiak. «Jatorrizko bertsioari komedia gehitzea lortu dugu, eta oso ondo pasatzen dugu. Publikoaren erantzuna, gainera, sorpresaz hartu dugu. Ez genuen espero une batzuetan hainbeste barre izango zenik; ez genuen uste publikoak horrenbeste erreakzionatuko zuenik. Seinale ona izan da zentzu horretan», nabarmendu du Aitziber Garmendiak. «Ez da komedia soil bat. Kritika soziala eta irakaskuntzari egiten zaion kritika ditu ardatz antzezlanak», azaldu du.  

Musikak protagonismo berezia izango du 'Rita' antzezlanean, funtzioa musikak girotzen duela aurreratu baitute. «Hautaketa bat egin dugu, eta musika oso lagungarria da. Hamaika eszenatan dago banatuta antzerkia, eta eszena batetik besterako trantsizioa egiteko zer esan zuzena duen musika hautatu dugu», gehitu du aktore urretxuarrak.

Tolosako Leidor antzokia betetzera iritsi ziren, eta gaineratu dute beste emanaldietan ere ia sarrera guztiak agortu zirela. «Oso jende gaztea ikusi dugu, gainera, eta oso pozik gaude. Badakigu normalean antzerkia ikustera joaten denaren perfila zein den, eta alde horretatik gazte jendea antzerkira erakartzeko iraultza txiki bat izan daiteke», azaldu dute Garmendiak eta Apaolazak. Ordu eta erdiko iraupena du antzerkiak. Txalo Produkzioak egindako antzerkia da 'Rita', eta urtarrilaren 11n estreinatu zuten, Aretxabaletan (Gipuzkoa); Azkoitikoa seigarren funtzioa izango da.

Sinopsia

Frank Unibertsitateko literatura irakasleari, ikasle berri bat etorri zaio: Rita, ile-apaintzailea. Bi mundu aparte. Irakaslea etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa, baina Ritaren agerpenak berpiztuko du. Ikasleak ikastea maite du, eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan, ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide