On Bosco jaiak ospatuko dituzte Floreagan zapatutik aurrera

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 23a, 12:57

Txan Magoaren ikuskizuna izan zen iaz.

Urtarrilaren amaieran On Bosco jaiak ospatuko dituzte Floreaga ikastetxean eta elizan, San Joan Bosco 1888ko urtarrilaren 31n hil zela gogoratuz.

Datorren zapatuan, urtarrilak 26, Floreagako Hezkuntza eta Pastoralgintza komunitatearen afaria egingo dute, Joseba jatetxean. Han bilduko dira, besteak beste, salesatarrak, irakasleak, Alai Batzako begiraleak eta Guraso Elkarteko batzordekideak.

Astelehenean, urtarrilak 28an, SMH Itsas Salbamenduko kideen bisita jasoko dute ikastetxean, 15:00etan. Euren ekintzen berri emango dute 17:00etara bitartean On Bosco aretoan. Asteartean, urtarrilak 29, Iñaki Arakistain mendizale azkoitiarrak Drangnag Ri (6801 metro) mendiaren igoeraren berri emango die ikastetxeko kideei, 16:00etan. 

Asteazkenean, urtarrilak 30, Marea Urdina taldeak bere proiektuaren berri emango du ikastetxean, 15:30etik 17:00etara. Gainera, Baztartxo udal aretoan Hodei Magoak 'Uraren sekretuak' magia saioa eskainiko die Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska eta mutilei, 16:00etatik 17:00etara. Ostegunean, urtarrilak 31, zinema emaldiak, elizkizunak, jolas saioak eta lehiaketak izango dira, egunean guztian zehar.

Otsailaren 3an, berriz, Ikasle Ohien Batasunaren festa egingo dute. Meza izango da Floreagan, 12:00etan. Ondoren, talde argazkia egingo dute. Bazkaria Hotel Loiolan izango da, 14:00etan. Urtarrilaren amaierara arte, bazkaritarako txartelak Lujan dendan eros daitezkeela jakinarazi dute, 24 euroren truke.

Ikusi egitaraua:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide