Helburu nagusia da txistulari gazteak elkar ezagutzea, Euskal Herriko lau lurraldeetako txistulari taldeen arteko elkartruke sarea osatzeko. Horretaz gain, nahi dutena da txistuaren musika jarduerak berezko dituen baloreak helaraztea, irakaskuntza sarea bateratu eta indartzea, belaunaldi ezberdinen artean jarraipena bermatzea edota euskal musika kalitatezkoa dela eta izaten jarraitzea komeni dela erakustea.
Goizeko 10:30ean emango zaio hasiera Danboligenak jaiari, AIKO taldeak Elkargunean emango duen ikastaroarekin. Txistularientzat plaza dantzak izango dira ikasgai.
Eguerdian, 13:00etan, herrian bildutako txistulariak kalez kale ibiliko dira eta arratsaldean, 18:00etan, kontzertua eskainiko dute Kontzejupean zazpi herrietako txistulari taldeek.
Egunari amaiera emateko Elkargunean dantzaldia egingo da AIKO taldearekin. Dantzatuz gozatzen duten herritar guztiak gonbidatuta daude.
Udalak eta Foru Aldundiak babestutako ekimena da.