Datorren asteartko saioak Ziberbullyinga teknologia berrien bidez, adin berekoen arteko erasoa izango du hizpide. Datorren ostegunekoak, berriz, Prebentzioa. Bitartekaritza parental positiboa aurrera eramateko gakoak izenburua izango du. Ziberbullyinga deitzen zaio internetaren edo mugikorraren erabileraz baliatuta, talde edo pertsona batek beste bati egiten dion jazarpenari edo eraso psikologikoari. Horregatik da garrantzitsua teknologia berrien erabilerak dakartzan arriskuak ondo ezagutzea, haien erabilera zuzena egiteko eta jazarpena prebenitzeko.
Ziberbullyinga anonimatoan eman daiteke, eta hainbat forma har ditzake. Interneten norbait kaltetzen duen argazkia argitaratuz, zenbait webgunetan biktimaren profila irekiz, biktimaren aurkako zurrumurruak zabalduz edota mezu mehatxatzaileak bidaliz. Guzti horren aurrean, «kontzientzia lana» egin ahal izateko antolatu ditu Udalak bi saioak, arazoa sakonean ezagutu eta bakoitzak neurri egokiak har ditzan.