8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek izango dute aukera XLV. Atano buruz buruko pilota txapelketan parte hartzeko. Urtarrilaren 25a izango da izena emateko azken eguna. Gurea pilotalekuan nahiz 667 503 918 Whatsapp zenbakian eman beharko da izena.
Partida guztiak pilota goxoarekin jokatuko dituzte, Gurea pilotalekuan. Guztira bost mailatan banatu dute antolatzaileek txapelketa: 8 urtekoak —2011. urtean jaiotakoak—, 9 urtekoak —2010. urtean jaiotakoak—, 10 urtekoak—2009. urtean jaiotakoak—, 11 urtekoak—2008. urtean jaiotakoak— eta 12 urtekoak —2007. urtean jaiotakoak—. Txapelketako pilota partidak astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan jokatuko dituzte, baina beharrezkoa bada asteburuetan ere jokatuko dituzte. Halere, jakinarazi dute partidarik ez dutela atzeratuko arrazoi garrantzitsurik ez bada.
Galtza zuriak berrikuntza moduan
Azkoitiko Oteiza Pilota Kirol Elkarteko antolatzaileak berrikuntza batekin datoz 45. edizioan. Izena emandako neska-mutilek galtza zuriekin eta kamiseta zuriarekin jokatu beharko dituzte pilota partida guztiak. «Haurrak pilotako janzkearekin ohitu eta trebatu nahi ditugu, eta bide batez, galtza zuriak janzteko beldurra kendu nahi diegu», azaldu dute elkartetik. «Haurrentzat motibagarria izango dela uste dugu», gaineratu dute.