12:00etan, pentsio duinen aldeko herritarrak Kontzejupean elkartu dira protesta egiteko. 100 lagunetik gora bildu dira gaurkoan. Duela 11 hilabete inguru egin zuten Azkoitian lehen elkarretaratzea, eta harrezkero astelehenero biltzen dira herrian pentsioek «duinak» eta «KPIaren araberakoak» izan behar dutela eskatzeko.
Deialdia Bilboko manifestaziorako
Datorren zapatuan, urtarrilak 19, manifestazioa deitu dute Bilbon pentsiodunek. Bilboko Kale Nagusitik abiatuko da martxa 17:00etan, eta udaletxe pareraino iritsiko dira. Plaza Ondo Jubilatuen elkarteak manifestaziora joateko deialdiarekin bat egin du, eta autobusa antolatuko du izena emandako herritarrak asko badira. Datozen egunetan eman beharko da izena Plaza Ondo Jubilatuen elkartearen bulegoan. 2018an egin zuten azken manifestazioa pentsiodunek, eta orduan 110.000 gizon-emakumek egin zuten bat deialdiarekin. Manifestazioaren antolatzaileek azken manifestazioko parte hartze kopurua gainditzea espero dute datorren zapatuan.