Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrak estreinakoz egingo duten eskuz binakako lehen mailako Emakumea Pilotari Txapelketan lehiatuko da. Guztira lau bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta Arrieta Amaia Araiztegi mallabiarrarekin arituko da. Bihar, urtarrilak 11, Zaldibiako Resti pilotalekuan hasiko du txapelketa, Ainhoa Urien eta Patri Espinar bikotearen aurka. Zaldibian hainbat partida jokatuko dituzte 18:30ean hasita, eta azkoitiarrak jokatuko duena bigarren partida izango da.
Larrarte-Maddi Mendizabal, Arrieta-Araiztegi, Nora Mendizabal-Maider Mendizabal eta Urien-Espinar bikoteak dira txapelketako lau bikoteak. Euskal pilotan «emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko lanarekin jarraituz» sortu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) txapelketa berria.