200-400 metro artean kokatuko da elur maila

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 9a, 14:45

Iaz behin baino gehiagotan zuritu zuen Azkoitia.

Segurtasun Sailak gaurko, asteazkena, eta biharko, osteguna, ezarri du abisu horia elurragatik. Eguraldi adituen iragarpenaren arabera, gaur gauean elur-kota 500-700 metrora arte jaitsiko da eta ostegun goizaldean beherago egingo du, 200-400 metroan kokatu arte. Hala ere, prezipitazio kantitatea urria izatea espero da, eta ondorioz elur gutxi pilatzea espero da.

Gaur, asteazkena, zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du, bereziki ipar partean; hegoaldera nekez iritsiko da euria. Arratsaldetik aurrera tenperaturak behera egingo du, eta elurraren maila jaisten joango da: arratsaldean 1.000 metroan kokatuko da elur maila eta 500-700 metrora jaitsiko da egunaren amaieran; halere prezipitazio gutxi egingo du. Azken orduetan izotza egingo du mendi inguruetan, eta iparraldeko haizea bizi ibiliko da.

Ostegunerako iragarpena

Osteguna hotza etorriko da eta elurraren maila nahikoa baxua izango den arren, ez du elur asko egingo. Prezipitazioa, bereziki goizaldean eta goizean goiz egingo du, 200-500 metro inguruko elur-kotarekin, baina prezipitazio kopurua txikia izango da. Eguerditik aurrera eta ekialdetik hasita, eguraldiak atertzera eta argitzera egingo du. Egunaren amaieran ostarte zabalak irekiko dira, asko hoztuko du eta izotza bazter askotan egin dezake. 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide