Gontzal Mendibil Azkoitian izan da 'Gau Magikoa' musikala aurkezten

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 28a, 13:45

Gontzal Mendibil Sonia Vazquez zinegotziarekin.

Urtarrilaren 4an, 19:00etan, Baztartxo Antzokian emango dute 'Gau Magikoa: Kai, Mai, Koa' musikala. Gontzal Mendibil musikaria, Easo Txiki Abesbatza eta Txan Magoak taularatuko dira, besteak beste, Baztartxoko eszenatokira.

Sonia Vazquez kultura zinegotziak aurkeztu du Gontzal Mendibil. Azaldu duenez, «pribilejio zoragarria» eta «plazerra» da Azkoitiko Udalarentzat 'Gau Magikoa' musikala Azkoitira ekartzea, Gipuzkoan Donostian eta Azkoitian baino ez baitute taularatuko lana.

Gontzal Mendibilek duela hiru urte inguru idatzi zuen Gau Magikoa ipuina. «Aspalditik nuen gogoa honetarako. Konturatzen naiz euskaraz egindako musikal gutxi daudela haurrentzako», azaldu du musikalaren egileak. «Haurrek kontsumitzen duten musikal gehiena kanpokoa da, eta umeentzat euskarazko musikal bat zergatik ez nuen egingo galdetu nion neure buruari», jarraitu du Mendibilek.

Horrela hasi zen musikaria. Babesa eta laguntza eskatu zuten, eta babesle bat lortu zuen. Duela urtebete inguru «kantu batzuk idatziak» zituen, baina «ezer landu gabe, hausnartu gabe» zuela azaldu du. Gidoia musikatzen eta prestatzen hasi ziren. «Umeak protagonista izatea nahi nuen», jarraitu du. «Hasiera batean eskolaz-eskola casting-ak egiten hastea pentsatu nuen, baina gero konturatu nintzen hori zaila zela», azaldu du Mendibilek.

Easo Txiki Abesbatzako Gorka Miranda zuzendariarekin zuen harremanak bideratu zuen 'Gau Magikoa' musikalean Easo Txiki Abesbatzako haurrak protagonista izatea. Ekaina amaitu aurretik partiturak pasatu eta irailean entseguak egiten hasi ziren, ostiraletan eta zapatuetan. 7-13 urte bitarteko haur kantariak dira, baina azaldu du «kantari izatean gain aktoreak izatea» ere nahi zutela.

Musikaleko hiru protagonistak Kai, Mai eta Koa dira. Kai eta Koa mutilak dira, eta Mai neska. Eskola batean hasten da historia. Gabonak, berez dute zentzu magikoa eta ordu bete pasa iraungo duen zuzeneko pelikula bat bailitz dastatzeko aukera izango dute umeek eta euren gurasoek. Eszenatokian bizi izango duguna, taula beretik haragora doa, zeren, bertan zuzeneko antzerkia, musika eta kantuak entzuteaz gain, pantailaren konexioa izango dute ekimen guztiek. Eskolatik alde egingo duten Kaik, Maik eta Koak sekulako abenturak biziko dituzte, ederrak bezain beldurgarriak, eta espero ez dituzten piztiekin gurutzatuz, ezusteko galantekin egingo dute topo. Izarrak eta Ilargia izango dituzte lagun.

Sarrerak bihar salgai

Sarrerak bihar, abenduak 29, Baztartxo Antzokiko leihatilan eskuratu ahalko dira. 15:30etik 18:30era irekiko dute txarteldegia, baina sarrerak ez badira agortzen astelehenetik aurrera Udaleko kultura sailean eskuratu ahalko dira 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Musikalaran aurrerapen bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide