Gabon ekintzak izango dira Azkoitian egun guztian zehar

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 24a, 09:00

Iaz ere ehunka gaztetxo atera ziren gabon eskera.

Gabonekin lotutako ekintzak egingo dira gaur egun guztian zehar. Haurrak euren borondatez zein eskolako ordezkaritzarekin gabon kantak abesten eta jaiotza eramangarriekin ibiliko dira herrian zehar. Olentzeroren bisita ere izango da eguerdian, eta arratsaldean Udal Musika Bandak eta Iraurgi Abesbatzak gabon abestiak eskainiko dituzte, Kontzejupen.

Baserritar jantzia soinean, ehundaka haur aterako dira kalera, Gabon eskean aritzera. Batzuk euren kasa aterako dira lagunekin, beste batzuk, berriz, eskolako zein ludotekako ordezkaritzarekin. 10:30ean, ordea, jaiotza eramangarrien lehiaketako sari banaketa egingo dute, Kontzejupean.

12:00etan, opariak banatu aurreko azken bisita egingo du Olentzerok Azkoitian. Herrixen Azkoitiko Dendaixen Elkarteak antolatuta, eliz atarian izango da Olentzero aurten ere, herriko txikienen azken eskutitzak jaso, gozokiak banatu eta argazkiak ateratzeko.

Arratsaldean, berriz ere musikak eta ahotsak hartuko dute protagonismoa. 18:30ean, Udal Musika Bandak eta Iraurgi Abesbatzak gabon kanten urteroko eskainiko dute, Kontzejupean. Halaber, karten joko tradizionala ere egingo dute herriko tabernetan. 18:30ak inguruan hasiko da karten jokoa, eta etxera opariak eramateko aukera izango dute herritarrek. Abenduaren 31an ere errepikatuko dute tabernariek karten jokoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide