Otarren eta erakusleihoen sari banaketak egingo dituzte zapatuan, Torrezurin

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 20a, 10:10

Iaz Herrixen elkartearen otarrak jaso zituzten herritarrak.

13:30ean hasiko da Herrixen elkartearen otarren zozketa eta banaketa, eta ondoren emango dituzte erakusleiho onenaren sariak.

Datorren zapatuan, abenduak 22, Herrixen Dendaixen Elkarteak Gabonetako hogei otarra zozketatu eta banatuko ditu, Torrezurin. 13:30ean hasiko da zozketa, eta abenduaren 10etik bihar arte, abenduak 21, Azkoitia txartelarekin ordainketak egin dituzten herritarren artean zozketatuko dituzte otarrak.
 
Erakusleiho Lehiaketaren sari banaketa
 
Ondoren, XXII. Erakusleiho Lehiaketako sari banaketa egingo dute, Torrezurin. Epaimahaiak hiru sari emango ditu. Lehen erakusleiho sarituak 350 euroko bonua jasoko du, bigarren sariak 250 eurokoa eta hirugarren 150 eurokoa. Sari horiez gain, Herritarren Saria ere banatuko da. Herritarrek botoa emateko aukera izan dute Udaletxeko harreran eta Elkargunean jarri diren kutxetan, eta emaitzak zapatuan jakinaraziko dituzte. Herritarren saria 150 euroko bonua izango da.
 
Erakusleihoaren aurkezpenari, salgaiak ahalik eta era erakargarrienean erakusteari eta Gabonetako giroa emateari emango dio garrantzia epaimahaiak. Azkoitiko Udaletxeko Merkataritza Departamenduak eta Herrixen Azkoitiko Dendaixen Elkarteak izendatutako pertsonek osatuko dute epaimahaia. Erakusleihoek urtarrilaren 6ra bitartean egon beharko dute ikusgai.
 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide