Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Azkoitira bidean

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 19a, 13:40

Xabier Munibe ikastolako ikasleek Olentzero eta Mari Domingiren bisita jasoko dute datorren ostiralean, eta Floreaga Salestar ikastetxeko ikasleek, berriz, Olentzero eta Errege Magoena, datorren ostegunean eta ostiralean.

Abenduaren 20, Floreaga Salestar ikastetxera joango da Olentzero, 15:00etan. Floreagako On Bosco aretoan elkartuko dira Olentzerorekin ikastetxeko ikasleak. Hainbat gabon kanta kantatuko dituzte ikasleek, eta ondoren, Olentzeroren zakuan gutuna sartuko dute ikasleek banan-banan, aretoko oholtzara igota.

Abenduaren 21ean, Olentzero eta Mari Domingi Xabier Munibe ikastolara joango dira, hango ikasleak agurtzera. Goizeko 09:15ean hasita, Haur Hezkuntza eta Lehen hezkuntzako 1. eta 2. mailakoen geletara joango dira eta ikasleekin solasalditxoa izan ondoren gozokiak utzi eta beraien eskutitzak jasoko dituzte. 11:40an Haur Hezkuntzako aretoan HLHIko ikasleek eta irakasleek, ohiturari jarraituz eta aurtengo saioari bukaera emanez, Olentzero eta Mari Domingirekin batera gabon kanta batzuk abestuko dituzte.

Errege Magoak, berriz, abenduaren 21ean, ostirala, Baztartxora joango dira, 10:00etan. Bertan, Floreagako ikasleak egongo dira.

Abenduaren 24an, Herrixen Merkatarien Elkarteak antolatuta, Olentzero eliz atarian izango da 12:00etatik aurrera, haurren gutunak jasotzeko.

Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen pajeek herritarren eskutitzak jasoko dituzte, 16:30ean hasita. Eta, bukatzeko, 19:30ean, Errege Magoen kabalkada abiatuko da Santa Klaratik eta Azkoitiko kaleak zeharkatuko dituzte. Plazan, Herodesen gaztelua bisitatuko dute eta ondoren, eliz atarira iritsiko dira.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide