'Gau Magikoa: Kai, Mai, Koa' ikuskizunerako sarrerak abenduaren 29an salduko dira

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 18a, 10:52

Sarrerak Baztartxo Antzokiko leihatilan eskuratu beharko dira, eta saldu gabe gelditzen direnak Udaleko kultura sailean salduko dituzte, abenduaren 30etik aurrera.

Gau Magikoa: Kai, Mai, Koa musika ikuskizunerako sarrerak abenduaren 29an, zapatua, salduko dituzte Baztartxo Antzokiko leihatilan. 15:30etik 18:30era irekiko dute txarteldegia, eta sarrera bakoitza sei euro ordaindu beharko da. Udaletik jakinarazi dute, saldu gabe gelditzen diren sarrerak abenduaren 30etik aurrera Udaleko kultura sailean jarriko dituztela saltzen.

Gau Magikoa: Kai, Mai, Koa musikala

Gontzal Mendibil musikariaren zuzendaritza gidoia eta musika izango ditu musikalak, Easo Abesbatzak lagunduta. Gabonak, berez dute zentzu magikoa eta ordu bete pasa iraungo duen zuzeneko pelikula bat balitz dastatzeko aukera izango dute haurrek eta gurasoek. Eszenatokian bizi izango duguna, taula beretik harago doa. Zuzeneko antzerkia, musika eta kantak entzuteaz gain, pantailaren konexioa izango dute ekimen guztiek. Olentzeroren bila eskolatik alde egingo dute Kai, Mai eta Koa ikasleek, eta sekulako abenturak biziko dute. «Abentura ederrak eta beldurgarriak izango dira, eta espero ez dituzten piztiekin egingo dute topo. Ezuste galantak biziko dituzte. Izarrak eta ilargia izango dituzte lagun», adierazi dute antolatzaileek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide