2017. urteko apirilean Italiako Debiaggi Umbertoren lantegira bidali zuten Intsausti Jauregiko pianofortea, Italiako Vicino haranera. Teknikari italiarrak urtebete baino gehiago eman du konpontze lanetan. Ingalaterran egindako Broadwood fortepianoaren desmuntatze osoari ekin zioten lehenik, eta elementu bakoitza konpondu eta aldatu dute, osorik eraberritzeraino. 20.000 euro ordaindu ditu elkarteak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide partikularrek eta Zalduntxoen Gipuzkoako Batzordeko kideek egindako ekarpenekin.
Azkoitirako, bailararako eta Euskal Herri osorako «altxor» bat dela azaldu du Juan Bautista Mendizabalek, eta Intsausti Jauregian geldituko dela jakinarazi du. Munduan Intsaustiko pianofortearen antzekoak oso gutxi direla esan du Mendizabalek, eta «martxan daudenak gutxiago» direla nabarmendu du. Juan Antonio Garmendia Elosegiren familiak pianofortea dohaintzan eman zuen 2014. udan, eta bere izenean Esperanza Garmendia arreba Azkoitian izan da. 214 urte ditu gutxienez musika-tresnak.