Zapatu honetan, abenduak 15, Aisiako Emakumea Pilotariko Paleta Txapelketa Azkarra jokatuko da Tolosako Beotibar Pilotalekuan. Lau azkoitiarrek, bi bikotek, parte hartuko dute txapelketan. Mirari Arzalluzek eta Amaia Aizpuruk osatuko dute bikote bat, eta Leire Martinek eta Eneritz Elortzak bestea.
Guztira hamar bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta bi multzotan banatuko dira. 09:45ean egingo da multzoen zozketa, eta 10:00etan hasiko da ligaxka. Multzo bakoitzean itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, 14:00k aldera arte. Partida guztiak 15 tantora edo 10 minutura izango dira.
14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira denak. 15:50ak aldera finalerdiak hasiko dira: aurrena A multzoko lehen bikote sailkatua B multzoko bigarrenaren aurka arituko da, eta ondoren B multzoko lehenengoa A multzoko bigarren sailkatuaren kontra. Finalerdiak 15 tantora edo 15 minutura izango dira. Azkenik, irabazleek finala jokatuko dute, 16:30ean; finala ere 15 tantora edo 15 minutura izango da.