Maxixatzenek 2019ko egutegia kaleratu du

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 12a, 12:45

2019ko Maxixatzenen egutegia.

Maxixatzeneko kolaboratzaileen irudiekin eta hitzekin osatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 2019ko egutegia. Maxixatzeneko bazkideek abenduko aldizkariarekin jaso dute euren etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute, Maxixatzenen bulegoan.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 2019ko egutegia kaleratu du, herritarren argazkilaritza eta grafismo afizioari esker. Maxixatzeneko bazkide direnek etxean jaso dute egutegia, doan. Gainerako herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute 5 euroren truke, Maxixatzenen bulegoan (Kale Nagusia 62, Kultur Etxea), Hizki papertegian (Julio Urkixo etorbidea, 34) eta Lujan papertegian (Kale Nagusia, 72).

Egutegian parte hartu duten irudiak, hamabi guztira, Maxixatzeneko kolaboratzaileenak izan dira, haien lanak erakusteko helburuarekin. Gainera, irudi bakoitza Amamaren Kutxako —Aitor Arrutik eta Koldo Camposek osatzen dute— testu labur batez lagunduta doa. Hauen irudiekin osatu da egutegia: Aitor Goenaga, Mikel Zengotita, Itxaro Iraeta, Ainhoa Beristain, Mikel Triviño Travis, Javier Beristain eta Jon Andoni Martin.

Bazkideen artean izan duen harrera ona ikusita, Maxixatzenek bere esker ona adierazi nahi die bazkideei. Bazkideren batek ez badu etxean jaso, Maxixatzeneko bulegotik pasatu ale bat eskuratzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide