Iaz, apirilean, Italiako Debiaggi Umbertoren lantegira bidali zuten Intsausti Jauregiko pianofortea. Teknikari italiarrak urtebete baino gehiago eman du konpontze lanetan. Ingalaterran egindako Broadwood fortepianoaren desmuntatze osoari ekin zioten lehenik, eta elementu bakoitza konpondu eta aldatu dute, osorik zaharberritzeraino.
«Nahiz eta egoera hondatuan egon, tresnaren balio historikoa zalantzarik gabekoa zen eta ez zen ezagutzen Estatu mailan beste horrelako bat», azaldu du Juan Bautista Mendizabalek. «Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako Saileko musikari espezializatuen iritziz, tresnaren taula harmonikoaren «egoera onak soinu kalitatea bermatzen zuen», baina hori lortzeko zaharberritze garrantzitsu eta kostu handikoa «beharrezkoa» zen. Hori horrela, zaharberritze lanak aurrera eramatea erabaki zuen eta Quarona, Italiako Umberto Debiaggi lantegia izan zen hautatua.
Dohaintzan jasotako pianofortea
2014ko udan, Juan Antonio Garmendia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zenaren familiak Gipuzkoako batzordeari dohaintzan eman zion pianofortea. 214 urte ditu gutxienez musika-tresnak. 2017. urteko apirilean Intsaustiko Jauregitik Italiako Vicino haranerako bidea hartu zuen instrumentuak. 20.000 euro ordaindu dituzte konpontze lanak. Ordainketa horiek, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide partikularrek egindako ekarpenekin eta Zalduntxoen Gipuzkoako Batzordeko kideek egindako ekarpenekin egin dituzte.