Sanandres jaien egun nagusia ate joka

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 29a, 11:49

Arkupeetako boluntarioak buru-belarri lanean.

Bihar, azaroak 30, baserritar jantziak armairutik atera eta sanandres jaien egun nagusian murgilduko dira ehundaka eta ehundaka azkoitiar eta bisitari. Goiz-goizetik herriko plazako eta Ikurriñaren plazako arkupeetan hainbat postu jarriko dituzte jan-edana egiteko. Txuri Urdin elkartearen marrazki lehiaketa, herri kirolak eta musika izango dira, beste behin, sanandres eguneko protagonista nagusiak.

 

Egun osoan zehar izango da herriko plazako arkupeetan jateko eta edateko aukera, baina 09:30ean hasiko dira herriko dultzaineroak eta trikitilariak kaleak girotzen. 10:00etan, Txuri Urdin elkarteak antolatuta, marrazki eta margo lehiaketa egingo da. Urtero bezala, herriko eraikinak eta txokoak marraztu beharko dituzte txikienek. Izena emandako gaztetxoek Jausoro auzoko Txuri Urdin elkartean jaso beharko dute materiala. Egindako lanak, berriz, Berdura Plazan aurkeztu beharko dituzte. Sari banaketa, aurten 14:00etan egingo dute arratsaldean egin ordez.

11:00etan, herriko trikitilari gazteak kalera aterako dira festari jarraipena ematera, eta 11:30ean, Txalkor Txistulari taldeak egingo du kalejira. Herri kirol jaialdia, bestalde, 12:30ean hasiko da. Aizkorarekin Larrañaga azpeitiarra eta Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra arituko dira. Harriarekin, bestalde, Goikoetxeak, Goenatxo III.a-k, Karmele Gisasolak eta Udane Ostolazak jardungo dute.

Arratsaldean, pilotariek hartuko diete lekukoa aizkolariei eta harrijasotzaileei. 17:00etan, Kontzejupe Sariaren finalak jokatuko dira, Oteiza Pilota Kirol Elkarteak antolatuta. Guztira zazpi pilota partida jokatuko dituzte, Kontzejupean. 8-9 urteko mutilen finala: Mikel Alberdi eta Aritz Aizpurua, Oier Juaristi eta Urtzi Segurola. Master Cupeko nesken finala: Eneritz Arrieta azkoitirra eta Naroa Agirre, Ainhoa Urien eta Oihana Orbegozo. 10--11 urteko mutilen finala: Yeabsera Hidalgo eta Joritz Azkoitia, Eñaut Aldazabal eta Jon Arregi. 11-12 urteko nesken finala: Intza Garate eta Uritz Azkue, Ane Zulaika eta Irati Urbieta. 11-12 urteko mutilen finala: Oier Aldazabal eta Inhar Egaña, Jon Etxaniz eta Alex Juaristi. 14-18 urteko mutilen finala: Iñaki Azkoitia, Joritz Astigarragaren aurka. Mutil nagusien finala, Jon Juaristi, Alex Juaristiren aurka.

22:00etan, berriz, San Andres Idi Dema Saria jokatuko da, Gurea probalekuan. Guztira, bederatzi idi pare izango dira lehian 1.650 kiloko Ipintza harriarekin. Sanandres egunean Ipiñarrieta, Elorrieta eta Kamiñoko jatetxeak plazaratuko dituzte idiak. 

Asteburuko ekintzak

Asteburuan ere izango da ekintzarik. Zapatuan, abenduak 1, haurrentzako parkea izango da herriko plazan, 16:00etan. 21:30ean, bestalde, Oihan Vega DJak emanaldia egingo du, herriko plazan. 22:00etan, azkenik, San Andres Idi Dema Sariaren bigarren proba egingo dute, Gurea probalekuan. Jesus Garaiar, Zunbeltxu eta Aurrekoetxea izango dira Gurean.

Igandean, XXIII. San Andres xake txapelketa egingo dute Elkargunean, Anaitasuna Kakute Xake elkarteak antolatuta. 10:00etan hasiko da txapelketa. Astelehenean, azkenik, San Andres Idi Dema Sariaren hirugarren eta azken proba jokatuko dute, Gurea probalekuan, 22:00etan. Lopategik, Oliden oriotarrak eta Azkoitiko Isidro Erretegiak parte hartuko dute azken proban.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide