Ikasleen irakurraldiarekin eta Euskaraldiaren amaiera ekitaldiarekin ospatuko da Euskararen Eguna

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 28a, 10:48

Euskararen Egunaren harira iaz egindako ekitaldia.

Datorren astelehenean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Euskaraldia amaituko den egun berean egingo dira herrian eguna ospatzeko ekitaldiak. Goizean, ikasleak izango dira protagonistak eta euskararen aldeko aldarria egingo dutenak. Arratsaldean, berriz, Euskara Mahaiak Euskaraldiaren itxiera ekitaldia egingo du, herriko plazan.

 

Goizean, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko LH eta DBHko ikasleak herriko plazan elkartuko dira 11:30ean, Ahobizi eranskailuak soinean dituztela. Besteak beste, ekitaldian Javier Zubizarreta alkateak harrera egingo die gaztetxoei eta euskararen aldeko pankarta zintzilikatuko dute udaletxeko balkoian. Ondoren, irakurraldia egingo dute plazako oholtza gainean.

Arratsaldean, bestalde, Euskara Mahaiak Euskaraldiaren itxiera ekitaldia egingo dute eta gonbitea luzatu die herritar eta eragile guztiei. 18:30ean izango da ekitaldia herriko plazan, eta bertan, besteak beste, Euskaraldiaren amaierarako prestaturiko manifestua irakurriko dute Azkoitiko hamaikakoa osatzen duten bi lagunek. Bertaratzen diren Ahobizi eta Belarriprest guztiekin argazkia ere aterako da. Azkoitian 2096 lagunek hartu dute parte Euskaraldian. 1901 dira Ahobiziak eta 195 Belarriprestak.

EAJren Adierazpen Instituzionala

Gaur arratsaldeko Udal Osoaren Ohiko Bilkuran Euskararen Nazioarteko Egunerako EAJ alderdiak aurkezturiko Adierazpen Instituzionala bozkatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide