«Talderen batek edo bestek» arraunlari azkoitiarra fitxatzeko «interesa» erakutsi duela azaldu du Unanuek. Halere, beste urte baterako konpromisoa hartu du arraunlari azkoitiarrak Bermeoko Urdaibai arraun taldearekin. Hurrengo sasoia amaitzean zuzendaritzarekin berriz eseriko dela azaldu du. «Denboraldia amaitu ostean arraunlariok urtero eseri ohi gara zuzendaritzarekin», gehitu du segidan Unanuek.
«Oso gustura» dago Bermeon jarraitzeagatik. «Faktore asko dira balantzan jartzen direnak», adierazi du Unanuek. «Taldeak duen kirol maila eta arlo pertsonalean dugun giro ezin hobea» azpimarratu ditu Bermeon jarraitzeko arrazoi nagusi bezala.
Poliki-poliki hasia da datorren denboraldia prestatzen. «Urte berrira arte nahikoa lasai aritzen gara bakoitza bere etxean. Hilabeteak aurrera doazen heinean uretako lan saioak gehiago izaten dira», adierazi du. Helburuei buruz galdetuta, berriz, «betiko antzekoak» izango direla uste du. «Datozen hilabeteetan lan asko eta ona egin beharko dugu. Uda iristean ikusiko dugu non gauden, baina estropada guztietan irabazteko lehian sartzea da asmoa», azaldu du, amaitzeko, Unanue arraunlariak.