Iaz 113 jokalarik hartu zuten parte txapelketan eta Anaitasuna Kakute Xake Taldeko Fernandez lehendakariak aurten «parte hartze handiagoa» espero du, «egindako lanak eta lortutako babesak parte hartzaileak asetuko» dituela uste baitute. 200 parte hartzaile baino gehiago hartzeko prest daudela adierazi dute taldetik.
50 sari baino gehiago banatuko dituzte. Irabazleentzako sariez gain, txanda bakoitzaren tartean sariak zozkatuko dituzte. «Txapelketa aporposa da xake zaleentzat», Anaitasuna Kakute Xake Taldeko lehendakariaren arabera. «Sari ugari eta onak banatuko ditugu, Elkarguneko aretoa jokatzeko aproposa da, izen emate merkea da eta giroa ezin hobea izango da», azaldu du aurkezpenean Fernandezek. «Zer gehiago eskatu dezakegu?», galdetu du lehendakariak. «Guztiek dituzte aukerak, hori da txapelketaren arrakasta», gehitu du ondoren Fernandezek.
Izen ematea
Izen ematea «goraka doa» egunek aurrera egin ahala. Anaitasuna Kakuteko kideek uste dute izen ematea azken astean egingo dutela parte hartuko duten jokalari gehienek. Azaroaren 30ean 20:00etan itxiko da izena emateko epea. Horretarako Xake Taldeak duen webgunean eman beharko da.