Iban Larrañaga Javier Urrizarekin arituko da Binakako Erremonte Txapelketan

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 8a, 16:00

Iban Larrañaga, behean, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: Oriamendi)

Iban Larrañaga (Azkoitia, 1992) 48. Binakako Erremonte Txapelketan arituko da, Javier Urriza Iruñeako aurrelariarekin. Gaur hasiko da txapelketa, eta abenduaren 29an amaituko da Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Sei bikote lehiatuko dira aurtengo edizioan, eta bikote guztiek elkarren aurka aritu beharko dute.

 

Honako hauek dira sei bikoteak: Urriza eta Larrañaga, Ansa II eta Barrenetxea IV, Uterga eta Azpiroz, Ezkurra II eta Etxeberria III, Matxin III eta Ion eta Juanenea eta Endika. Gaurko partidan Juaneneak eta Endikak Utergaren eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak. Larrañaga azkoitiarra aurrerago sartuko da lehian.

Lehenik ligaxka jokatuko dute, denek denen aurka, eta fase hori abenduaren 8an bukatuko da. Lau bikote onenek jokatuko dituzte finalerdiak —partida bikoitzak izango dira— eta finala abenduaren 29an izango da. Finalerdietan lehen sailkatuak laugarren aurka jokatuko du, eta bigarrenak hirugarrenaren aurka.

Partida bakoitzean irabazleek lau puntu eskuratuko dituzte eta galtzaileek tantoen aldearen arabera. 36-39 tanto eskuratzen baditu bikote galtzaileak bi puntu batuko ditu, 32-35 artean egiten badituzte, berriz, puntu bat batuko dute; hortik behera ez dute eskuratuko punturik galtzaileek. Berrikuntza bezala, berriz, 26 tantora iristen ez den bikoteak puntu bat azpitik izango du edo aurrez lortutako puntua galduko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide