Zubeldia etxekoek eta Realeko ordezkariek lagunduta joan zen Oñatiko omenaldira. Xebastian Lizasoren bertsoak, Oñatiko dantzarien aurreskua eta laguntaldeko lehendakariak emandako txapela jaso zituen azkoitiarrak. Amaieran, Oñatiko gaztetxoen eta zaleen berotasuna jaso zuen Zubeldiak.
Oñatiko Txantxiku Txuriurdinak laguntaldearen besoetako jokalaria Iñigo Martinez jokalari ondarrutarra zen aurrez, baina bizkaitarrak Reala utzi ostean Oñatiko Realaren laguntaldeak Igor Zubeldia izendatu du orain bere besoetako jokalari kuttuna.
21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin
Igor Zubeldia, gainera, 21 urtez azpiko Espainiako selekzioak deitu du. Luis de la Fuente hautatzaile espainiarrak 23 jokalarirekin osatu duen zerrendan da azkoitiarra. Logroñon (Espainia) Danimarkaren aurka jokatuko du Zubeldiak azaroaren 14ean, eta azaroaren 19an Caen hirian (Frantzia) jokatuko du Frantziaren aurka.