Emakunderen berdintasun gune ibiltariak zabalduko du azaroaren 25aren bueltan antolaturiko egitaraua

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 6a, 09:56

Emakunderen berdintasun gune ibiltariak zabalduko du Udaleko Berdintasun sailak azaroaren 25aren bueltan antolaturiko egitaraua. «Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna» lelopean, Emakundek 'Berdintasunerako Gunea'-ren baitan eskaintzen du gune edo autobus ibiltaria eta Azkoitian izango da bihar eta etzi —azaroak 7 eta 8—. Parrokia aurrean egongo da eta ikasleak bertaratuko dira hezkidetza inguruan hausnartzera.

 

Hurrengo hitzordua 'Kabi biluziak' dokumentalaren proiekzioarekin dator. Hilaren 19an Elkargunean izango da emanaldia, 17:00etan. Virginia Senoslainen eta Juan Luis Napalen zuzendaritzapean, filmak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen errealitatea erakusten du. Emakume horien eta tratu txarren aurkako borrokan adituak direnen testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak.

Abarketatxo Ludotekan eta Artxamendi Topalekuan ere landuko dute hezkidetza eta genero berdintasunaren gaia. Azaroaren 19tik 23ra bitartean, Ludotekan gaiari lotutako margoketa lanak eta bideo emanaldiak izango dituzte. Horma-irudi bat ere egingo dute. Halaber, Goezenen 'Denok Zu' abestiaren koreografia landuko dute, selfie eta jolasak egiteaz gain. Topalekuan, berriz, role-play eta indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa saioa egingo dute. Berdintasunaren aldeko mezuak zabaltzeko aprobetxatuko dute aukera sare sozialak baliatuz.

Bestetik, udal ordezkariek adierazpen instituzional bat adostea da «asmoa». Udalak azaldu duenez, «emakumeen aurkako biolentzia errotik mozteko, arazoa estrukturala» bihurtu da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide