Galdu egin dute Anaitasunaren lehen bi taldeek

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 3a, 12:05

Xabier Azkoitia Oiartzungo jokalari baten aurrean. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Anaitasunaren lehen bi taldeek, gizonezkoen Ohorezko Mailako taldeak eta emakumezkoen Euskal Ligako taldeak, galdu egin zuten herenegun —osteguna—. Ohorezko Mailako mutilek zortzi asteko bolada ona moztu zuten Oiartzunen aurka, Txerloian. Asteburuko emaitzen zain da orain mutilen taldea, lehen postua galtzea posible baita. Euskal Ligako neskek, berriz, Erandion hiru eta huts galdu zuten. Lau aste daramatzate neskek neurketarik irabazi gabe, baina lasaitasun postuetan daude kokatuta Gorka Zubizarretaren neskak.

 

Oiartzunek amaitu du mutilen bolada ona

Orain arteko lehen 45 minutu onenak ez ziren nahikoa izan Oiartzun menderatzeko. Anaitasunak oiartzuarren aurka esan zion agur zortzi asteko bolada onari. Bederatzigarrenean erori dira Xabier Artetxeren mutilak, hein handi batean, bigarren zatiko azken ordu erdian bere mailatik urrun izan zelako taldea. Anaitasunak erritmoa jaitsi zuen, eta Oiartzunek agresibitatea igo. Bisitariek oso joko zuzena egin zuten, eta hiru gol jarraian eginda Txerloiatik hiru puntu eraman zituzten.

Oiartzunek hasi eta berehala hartu zuen aurrea Txerloiako futbol zelaian. Eskuin hegaletik lotutako jokaldia bikain amaitu zuten oiartzuarrek, penalti puntu parera pasea egin eta jokaldia ederki amaituta. Halere, Anaitasunak bere buruan konfiantza handia duela erakutsi zuen, eta golaren ondoren lan ona egin zuen. Atezainak zein atzelariek hasitako jokoa bikain aurreratzen zuen taldeak. Bisitariek utzitako zuloak ondo aurkitu zituzten jokalariek, eta erabaki benetan onak hartu zituzten. Jokaldia amaitzeko egoera onak sortu zituen horrela taldeak. Baloia galdutakoan, berriz, Oiartzunen zelaian berreskuratu zuen presio lan ezin hobe baten ondoren.

Jarraitu kronika irakurtzen.

itxura ona; irabaztetik urrun

Neskak Erandion, neurketa hasi aurretik. (Argazkia: Anaitasuna)

Euskal Ligako neskek azken asteetako berdinketa katea hautsi dute, baina ez nahi zuten moduan. Emaitzak erakusten duenaren aldean berdintasun handia izan zen Erandioko San Lorenzo zelaian, baina denboraldiko laugarren porrota jaso zuten. Lehen zatia amaitu aurreko azken jokaldian jaso zuten gola neskek. Bigarren zatian oldarkorrago agertu zen taldea eta berreskuratutako baloietatik aurkariari min egiten asmatu zuen. Erasoko egoera horiei ez zien probetxurik atera, ordea, eta Erandiok azken minutuetako bi kontraerasotan bi gol egin zituen.

Hasiera hasieratik ikusi zen San Lorenzo zelaian lehia estua, gogorra eta borroka handikoa jokatuko zutela Erandioko Betiko Neskak taldeak eta Anaitasunak. Lehen zatiko aukerarik onenak, gutxi, etxekoenak izan ziren. Bi taldeek aurkariari goitik egin zien presioa, eta talde biek izan zituzten arazoak jokoa atzetik sortzeko eta aurreratzeko. Nola Erandioko Betiko Neskak taldeak, hala Anaitasunak aurkariaren zelaian ostutako baloietatik egin zuen arrisku gehien.

Jarraitu kronika irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide