Manuel Oruesagasti: «Elosuan feria egin behar genuela esan nuenean, erotuta nengoela esan zidaten»

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 12a, 15:10

Manuel Oruesagasti, gaur, bere etxeko bi astorekin.

Elosuako Ganadu Feriaren hastapena ezagutzeko 40 urte egin beharko genuke atzera. 1978. urtean egin zen lehen feria auzoan, eta orduko kontuak jakinarazi dizkio Maxixatzeni Elosuako feria martxan jarri zuen Manuel Oruesagasti Gurrutxagak (Azkoitia, 1946). Elosuako Bega baserrikoa da Oruesagasti, eta ezagunek ere bere etxeko izenarekin ezagutzen dute. Azkoitiarra da ganadu feriari hasiera eman zion pertsona. 40 urtez ibili da Oruesagasti antolakuntzan ez bada feriara ganaduak eramaten. Gaur ere bere etxeko astoak hartuta joan da Elosuako plazara.

 

Lehen feriaren gorabeherak

Oruesagastik eman zuen Elosuako feria antolatzeko lehen urratsa; bakarrik hasi zen antolatzen gaurko eguna 1978an. «Elosuan feria egin behar genuela esan nuenean, erotuta nengoela esan zidaten», hasi da Oruesagasti hasierako urteen inguruko aipamena egiten. Kontuak kontu, aurrera jo zuen azkoitiarrak. «Epelde eta Kaxkoie trikitilariekin eta Lizaso eta Gorrotxategi bertsolariekin egin genuen lehen feria hura; musutruk egin zuten dena», azaldu du baserritarrak. «Joxe Mari Iriondok, berriz, irrati eta egunkari bidez eman zuen feriaren berri», adierazi du.

Lehen feria hartara Eskoriatzako tratulari bat etorri zela gogoratzen du Oruesagastik. «Zortzi behi eta txahal ekarri zituen eta guztiak salduta joan zen etxera», esan du Bega baserriko bizilagunak. «Orduan ganadua salerosi egiten zen Elosuako ferian; gaur hori galduta dago», dio. Elosua baserrietako ganaduak eta inguruko herrietakoak ere etorri zirela azaldu du azkoitiarrak. «Asko zor diet hasierako urte hartan musutruk feria antolatu zutenei eta antolatzen lagundu zuten lagun guztiei», adierazi du esker onez Bega-k.

Orain mugimendu gutxiago izaten dela jabetuta dago Oruesagasti. «Mugimendu horren jaitsiera ez da gure errua soilik. Zaila da ganaduarekin hara eta hona ibiltzea. Arazo eta traba asko jartzen dituzte», arrazoitu du azkoitiarrak.

Diru laguntzarik ez hasieran

Lehen urteetan Azkoitiko Udalak eta Bergarako Udalak ez omen zuten diruz lagundu Elosuako Feria. «Lehen urtean jende asko etorri zen, bigarrengoan gehiago eta pixkanaka-pixakanaka hazten joan zen. Hori ikusita, V. Elosuako Ganadu Feria antolatzeko diru laguntza eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza diputatuak. «Harrezkero beti izan dugu Azkoitiko eta Bergarako udalen laguntza», jakinarazi du. «Gainera, eskerrak eman nahi nizkieke Elur Mendi elkarteko kideei antolakuntza lanetan egiten duten lanagatik», esan du Manuel Oruesagastik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide