Urrezko euskal mendea bezela ezagutzen den XVI. mendeko eraikina da Azkoitiko parrokia, estilo gotikoaren erakuslea. Bisitaldian zehar aro horretako istorioak kontatuko ditu Juan Bautista Mendizabalek, garaiko pertsonaia esanguratsuei loturiko historiak eta San Inaziok jatorria zuen loiolatarren ingurukoak.
Pertsonaia eta historia guztiek elizak gordetzen dituen hainbat altxorretan dute islada, hala nola, kaperak, erretaulak, arte lanak... Bisita amaitzeko, CavailleColl etxeko organoa entzuteko eta gozatzeko aukera izango da. Organo Erromantikoaren XIX. Zikloari dagokion kontzertua emango dute Ana Belen Garcia organistak, Eskola Gurutzeagako eta Donostiako Musika Eskolako abesbatzak, Igor Arostegi perkusionistak, Lourdes Moratinos ahots etnikoak, Lucia Gomez mezzosopranoak eta Jose Javier Echeverria zuzendariak.