09:00etan hasiko da ganadu feria. Goizean zehar artisauen eta bertako produktuen azoka izango da. Horiez gain, berrikuntza bezala, Elosuko ikatzarekin erretako Elosuko txahala dastatzeko aukera izango da. 11:00etatik 14:00etara, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte. Ondoren, 12:30ean, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariak igoko dira frontoiko oholtzara. Bertsolarien saioa bukatzean, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek hartuko diete lekukoa bertsolariei.
Bazkalondoren, 16:00etan, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolarien saioa izango da. 17:30ean, kintopeko zaldi proba egingo dute. 900 kiloko Ixaun harriarekin ordu erdiko lana egingo dute Aulestiako Ibekohondo etxeko eta Markina-Xemeingo Agarre etxeko zaldiek. Ondoren, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilarien erromeria egingo dute.
Autobus zerbitzua
Azkoitiko Udalak Elosura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarriko du beste urte batez. Goizeko 09:00etatik 20:30ak arte etenik gabe arituko dira bi autobus Azkoitia eta Elosua arteko bidea egiten. Autobus horiek Julio Urkixo kaleko geltokian —Eroski txikiaren parean— egingo dute geldialdia.