PUBLIRREPORTAJEA | Xabier Munibe Haur Eskola

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 4a, 11:12

Azkoitiko Xabier Munibe Haur Eskola 2004. urtean zabaldu zen; Haurreskolak partzuergoko sare publikoan dago, eta ordutik aurrera Azkoitiko herriari zerbitzu ematen ari da.

 

Haur eskolako zerbitzua goizeko 07:30etik arratsaldeko 17:00etara arte dago zabalik, eta gurasoak tarte horretan nahi duen ordutegia egin dezake, betiere legeak agintzen dituen 8 orduak gainditu gabe.

Haur eskola 8 gelaz osatua dago eta 0-2 urte arteko haurrentzat da.

0-1 urteko gela gehienez 8 haurrez osatua egoten da, eta 1-2 urteko gela, berriz, 13 haurrez. Bakoitzak une oro bi hezitzaileren laguntza izaten du. Horrez gain, aire zabaleko bi espazio handi ditu, baita psikomotrizitatea lantzeko gela bat ere.

Urte hauetan, bertako hezitzaile taldea formazio ezberdinak hartuz eta esperientziak ematen duen jakituriarekin lan egiteko modua hobetuz joan da. Modu horren oinarria haurraren ongizatea bermatzea da, haurra haur eskolan lasai, seguru eta pozik sentitzea, alegia. Horretarako, haur bakoitzaren beharrak asetzen saiatzen dira, bakoitzaren erritmoa errespetatuz. Haurrarenganako errespetua oso garrantzitsua da.

Haurraren arlo guztietan errespetatzen dute bakoitzaren erritmoa: loa, jatordua, higienea, mugimendua. Hori bermatzeko, haur eskolan hainbat espazio dauzkate egokituta: logela, jateko txokoa, garbitzeko txokoa eta haurrak jolasean dabiltzala esploratzeko lekua, bai haur eskola barruan eta bai kanpoan.

Momentu oro jolas librean ibiltzen dira Xabier Munibe Haur Eskolako haurrak, eta hezitzaileek espazioa eta materiala modu desberdinetan aurkezten dute haurraren garapenaren arabera (hondar gunea, jolas heuristikoa, aurre-jolas sinbolikoa, altxorraren saskia…), haurraren alderdi motorra, kognitiboa eta abar ongi gara daitezen.

Lan egiteko modu horrekin lotuta, aire librean eta naturarekin harremanetan bizitzeari ere garrantzi handia ematen diote Xabier Munibe Haur Eskolako hezitzaileek. Garbi dute kanpoko espazioan dabiltzan haurrak ikasten ari direla.

Gure ingurunean eragin dezaketela ikasten dute, gauzak alda daitezkeela, eta aldi berean ekintza jakin batean kontzentratzen ere ikasten dute.

Nahi den emaitza lortzeko arrazoitzen ikasten dute, eta sortzaileak izanez egoerei originaltasunez aurre egiten. Hori ezinbesteko gaitasuna da une oro aldatzen dabilen mundu honetarako.

Horrela, norbere buruarengan konfiantza izaten ikasten dute haurrek, eta horixe da Xabier Munibe Haur Eskolako hezitzaileen helburuetako bat.

Bide horretatik, haurren garapen orekatua eta osoa lortzea dute helburu, eta horretan dihardute eguneroko jardunean.

Matrikulazio epea zabalik dago, eta bertako hezitzaileek gogoz hartuko zaituztete haur eskolan. Anima zaitezte!

Azkoitia, Auzmendi Bidea, z/g

Tel: 943 08 07 37

azkoitia.azkoitia@haurreskolak.eus

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide