Hainbat kontzeptu ditu ardatz Esnearen Ligak. Jakitera eman dutenez, haurrareb beharrak ulertzeko eta asetzeko erarik naturalena eta eraginkorrena da amak haurra bularra emanez haztea. «Amak eta haurrak elkarrekin egon behar dute haurra jaiotzen den unetik bertatik hasita. Denbora asko igaro behar dute elkarrekin, behar bezalako harremana eta esne-produkzio egokia ezartzeko», azaldu dute Esnearen Ligatik.
Lehen urteetan, haurrak amarekin egoteko «behar handia» duela adierazi dute elkartetik. «Behar hori oinarrizkoa da, eta elikatzeko beharra bezain garrantzitsua da. Amaren esnea da haurrarentzako elikagai onena, eta haren bikaintasunak ez du parekorik», gaineratu dute.
«Haurdunaldia osatu ondoren jaiotako haur osasuntsuek ez dute behar amaren esnea ez den beste elikagairik, haurrak bestelako janariak behar dituela adierazten duen arte; hori lehen urtearen erdialde inguruan gertatu ohi da», diote elkarteko kideek. «Haurrari bularra ematen jarraitzea komeni da, haurrak berak harreman-mota horren beharra gainditzen duen arte. Amak erditzean modu kontziente eta aktiboan parte hartzea hasiera ezin hobea da bularra emateko», jakinarazi dute.
Aitaren maitasuna, ezinbestekoa
Elkartearen arabera, aitaren laguntza eta babesa «oso garrantzitsuak» dira bularra emateko. Horrela, bikotekideen arteko lotura «indartu» egiten dela dio Esnearen Ligak. «Elementu garrantzitsua da haurraren garapenerako aitak haurrarekin haurtzaro guztian duen harreman berezia». Elikadura egokia izateko, haien egoera naturaletik ahalik eta hurbilen dauden elikagaiez osaturiko dieta orekatu eta askotarikoa egin behar dela diote ligako ordezkariek. «Jaiotzen direnetik, haurrak maitasunez hazi eta hezi behar dira; horretarako, beharrezkoa da haien gaitasunak onartzea, eta haien sentimenduekiko sentikorrak izatea», azaldu dute, azkenik.