Azkoitiko baserriek ez dute azterketa teknikoa egin beharko, dekretu berriagatik

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 6a, 13:40

Eusko Jaurlaritzak moldatu egin du Eraikinen Ikuskaritza Teknikorako (EIT) dekeretua, eta ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapena duten baserriek eta banakako etxebizitzek ez dute azterketa teknikoa egin beharko.

 

50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzak behartuta daude azterketa teknikoa egitera. Etxe jabeek aurtengo ekainera arteko epea izan dute azterketa egiteko, baina gehiengoak ez du egin. Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak dekretuaren testua moldatu du.

Aurrerantzean, alde bat kalera duten etxebizitzek egin beharko dute ikuskaritza teknikoa. Eta, ondorioz, nekazaritza edo abeltzaintza ustiapena duten baserriek ez dute azterketa teknikoa egin beharrik izango, ezta banakako etxebizitzek ere. Baldintza bakarra ezarri du Eusko Jaurlaritzak: etxe jabeek tokian tokiko udalarekin, Azkoitiko kasuan, Azkoitiko Udalarekin adostu beharko dute eraikinak ikuskaritza teknikoa gainditu beharko duen ala ez. Udalak ontzat jotzen badu soilik geldituko dira azterketa egitetik salbuetsita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide