Jaizkibel Konpainiak jakinarazi duenez, honako arrazoi hauengatik jasoko dute saria:
«Duela urte gutxi esklusiboki gizonena zen gune bat zabaldu dute emakumeentzat.
Gune horrek, gainera, ikusgarritasun izugarria du jarduera kalean, plazan, egiten delako eta musikak (batukada soinuak, bereziki) izugarri erakartzen duelako.
Feminista deitzen diote batukadari, helburua ez delako bakarrik jai giroa sortzea eta ondo pasatzea baizik eta emakumeen berdintsuna aldarrikatzea ere.
Batukada jotzeaz aparte, ikastaroak eta tailerrak antolatzen dituzte, emakumeei boza, ahalmena eta alaitasuna emanez.
Sare bat sortu dute eta emakume asko dira hor elkarlanean dabiltzanak.
Emakumeen duintasuna eta eskubideak jokoan edo auzitan dauden zenbait gunetan parte hartu dute, aldarrikapen feminista indartuz eta zabalduz.
Zazpi urte pasa dira Ainarak eta Arantxak Batukada Feminista abian jarri zutenetik. Ziur hamaika oztopo, buruhauste eta arazo izan dituztela. Hasierako urteak ez ziren batere errazak izan ziurrenik, eta aurrera ekin zuten».
2015. urtean, sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak» aintzat hartzeko. Konpainiaren helburua da parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea.
Argazkia: Jaizkibel Konpainia.